XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Herri titularitateko mendien artean, herri zerbitzukoak, herri erabilerakoak edo auzoz ustiatzekoak direnak herri jabarikoak dira.

8. artikulua.- Herri zerbitzuko mendiak

Foru arau honen 16. artikuluan zehazten den herri eginkizuna betetzera zuzenean xedatutako mendiak herri zerbitzukoak izango dira.

9. artikulua.- Herri erabilerako mendiak eta auzoz ustiatzeko mendiak

1.- Hirugarren sektoreko edo astialdiko herri ihardueretara xedatutako mendiak herri erabilerakoak izango dira.

2.- Ohitura eta usadioetan oinarrituta eta udal entitate titularrak onartutako ustiaketako ordenantzaren arabera auzoz ustiatzen edo erabiltzen diren mendiak edo mendi zatiak auzoz ustiatzeko mendiak izango dira.

10. artikulua.- Herri ondareko mendiak

Herri erakundeenak izan arren herri zerbitzura nahiz herri erabilerara xedaturik ez daudelako herri jabarikoak ez diren mendiak herri ondarekoak dira.

11. artikulua.- Mendi babesgarriak

Foru arau honen 16. artikuluan zehazten den herri eginkizuna betetzera xedatzen diren jabetza pribatuko mendiak babesgarriak dira.

Mendi jakin bat babesgarritzat jotzeko Diputatuen Kontseiluak espreski hartu beharko du erabakia, Baso Administrazioak horretarako espedientea tramitatu ondoren, eta erabaki horrek mendia herri onurakotzat ere jotzea ekarriko du berarekin.

Espediente horretan bertan erabakiko dira mendia halakotzat jotzeak jabearen edo jabeen ondarean ekarritako kalteen ordainak.

12. artikulua.- Mendi partikularrak

Mendi babesgarritzat jo ez diren titularitate pribatuko mendiak partikularrak dira.

HIRUGARREN ATALA

HERRI ONURA

13. artikulua.- Herri onura

Herri jabariko mendiak eta mendi babesgarriak herri onurakotzat jo beharko dira eta Gipuzkoako Herri Onurako Mendien Katalogoan sartuko dira.

Era berean, Katalogoan sarturik dauden mendi guztiak herri onurakotzat hartuko dira, horretatik salbuestea erabakitzen ez den bitartean.

Nekazaritza eta Naturagune Departamentuko titularraren proposamenez Diputatuen Kontseiluak emandako foru dekretuz hartuko da mendi jakin bat herri onurakotzat.

Halakotzat jotzeak mendia Katalogoan sartzea ekarriko du berarekin.